2015/10/06

BADATOR AURTENGO IBILALDI NEURTUA!!!!



Euskal Herriko herririk ederrena ezagutu gura duzu? Bere txoko izkutuak, auzo ezberdinak, baserri galduak... eta gainera, giro jator eta euskaldunean? Eta hau guztia gutxi balitz... sari potoloak irabazteko aukeragaz? Bada, erdu Berangoko XXXIII. Ibilaldi Neurtura!

Urtebete igaro dala jada! Ez da izango! Baietz ba, aurten be Berangon plan ederra izango dugu: mendia, elkartasuna, sariak eta giro itzela! Zelan galduko dut ba! Eta noiz da? Azaroaren 1ean, Domu Santu eguna ospatzeko modurik onena! Zalantza barik!

Ohiturari eutsiz, egun osoko plana izango dugu gozatzeko, goizean goizetik... gorputzak irauten duen arte! Mendi-buelta, hamaiketakoa, triki-poteoa, umeentzako tailerrak, herri-bazkaria, kantak, sariak... eta noski, presoekiko elkartasuna eta Sei Herri Libre aldarria!

Egitaraua goizean goiz hasiko da, eguna aprobetxatu behar da eta! 08:15ean izango da nagusien izen-ematea Sei Herri tabernan, eta gosaldu ostean, urteera 09:00etan izango dute. Txikiek, ostera, 09:00etan izena eman eta ordu erdi beranduago urtengo dira Sei Herritik. Nagusien ibilbidea 16 kilometrokoa izango da, eta txikiek 8 kilometroko paseotxoa (adi! 40 urte dituzuenok aspaldi utzi zenioten txiki izateari!).

Mendi-bueltaren ostean, nagusiok triki-poteoa egingo dugu Sabino Aranako tabernetan zehar, txikiek frontoiko plazan tailerrak egiten dituzten bitartean. 14:00etan txikiek makarroi goxo-goxoak bazkalduko dituzte, eta ordubete beranduago (gutxi gora-behera) nagusion txanda helduko da; indaba goxo-goxoak, herriko sukaldarien eskutik! Bapo bazkaldu ostean, eguna modurik onenean amaituko dugu: sari-banaketagaz! Baietz zuk aurten txapela lortu?

Eta zelan ahaztu, Ibilaldi hau egitea posible egiten duzuen guztioi: herriko dendariak, txanda egiten duzuenok, modu batean edo bestean zuen ekarpena egiten duzuenoi... eta parte hartzailei noski!

Azaroaren 1ean ikusiko dugu elkar! Euskal presoak etxera! Sei Herri LIBRE!


2014/10/07

BADATOR, BADATORRELA!!!!



Benetan? Hemen da berriro? Bai! Hemen da Berangoko Ibilaldi Neurtua! Egutegian gorriz markatu beharreko eguna! Armairutik botak atera, motxila prestatu, hamaiketakoa lasai, gure kontu eta erdu Berangora!

Aurten Ibilaldi Neurtua udagoienaren hasieran helduko zaigu, urriaren 26an hain zuzen ere, eta ohi dan legez, betiko jarduerak izango ditugu, giro jator eta euskaldunean noski! Goizean goiz hasiko da eguna. Nagusiek 08:15ean emango dute izena Sei Herri tabernan, eta irteera 09:00etatik aurrera izango da. Txikiek berriz, 09:00etan izena eman eta 09:30ean urtengo dira ttipi-ttapa Sei Herritik. Nagusiek 16 kilometroko ibilbidea izango dute aurrez aurre, eta txikiek, aldiz, 8 kilometroko paseotxoa. Bidean, Berangoko paraje ederrak ikusi ahal izango dituzte, eta baita azken urteetan gure herrian egindako txikizio eta barrabaskeri urbanistikoak. Grisak lekua irabazi dio berdeari Berangon azken urteotan, goazen urriaren 26an kolorez betetzera!

Bueltatxua egin ostean (kontrol danak pasa ostean e! Azerí zaharrak tranpian txiza!), 12:30ean umeek birziklatze tailerrak izango dituzte eskura frontoi aurrean. Nagusiok, triki-poteoa egingo dugu indarrak hartzeko, eta gainera, aurten lehenengo aldiz, azoka ekologikoa izango dugu Sabino Arana kalean.

14:00etan umeentzako bazkaria ospatuko da udal pilotalekuan, eta bapo bazkaldu ostean, Berangoeta Kultur Etxera joango dira pelikula bat ikustera. Nagusien bazkaria 15:00etan izango da: indaba goxo-goxoak, entsalada ez zarete goseagaz lotuko, lasai! Eta egunari txapela jartzeko, 17:30ean sari banaketa mundiala izango dugu!

Sei Herrik eskerrak eman gura dizkie Ibilaldian parte hartzen duzuen guztioi, txandak egiten dituzuenoi eta oso modu berezian ekarpena egiten duten herriko dendari eta tabernari guztioi. Mila esker bihotz bihotzez!


Urriaren 26ra arte!

2013/11/11

HIRU, BI, BAT... ETA BADATOR BERANGOKO XXXI.IBILALDI NEURTUA!




Udazkenagaz batera, heldu zaigu beste behin ere galdu ezinezko hitzordua Berangora, egutegian gorriz markatu beharrekoa! Abenduaren 1ean ospatuko da aurtengo edizioa, eta urtero legez, gure herriko bazter ederrak ezagutzeko aukera izango dugu, lagunartean giro euskaldun eta jatorraz gozatzen dugun bitartean. Sei Herri Kultur Elkarteak antolatzen duen jaiegun hau aukera paregabea da kirola egiteko, naturaz gozatzeko eta herrikideekin ederto pasatzeko!

Goizean goiz hasiko dira izen-emateak Sei Herrin. Nagusien kasuan 08:15ean izango da, eta txikiek, ostera, 09:00etan egin beharko dute. Gogora dezagun, izen-ematea bikoteka egin behar dela, beraz erdu zure lagunakaz! Nagusien urteera 09:00etan izango da, eta txikiena, berriz, 09:30ean. Nagusien ibilbideak 16 kilometroko luzera du, eta txikienak, 8 kilometro. Bidean hiru kontrol pasa beharko dituzte partehartzaileek, eta hamaiketakoa debalde jan ahal izango dute (freskagarriak, fruta, gaztaina beroak e.a.). Juan debalde, goseak hil zan esaera zaharra ez da gurean beteko!

Herriko mugetatik ttipi-ttapa mendi-buelta lasaia egin ostean, triki-poteoa egingo dugu Sabino Arana kaleko tabernetatik, indarrak ostabere hartzeko eta herria girotzeko. Umeek, gainera, tailerrak izango dituzte eskura.

Eguerdian, dantzan ari diren tripazorriei aurre egiteko, herri-bazkariaren txanda helduko da frontoian. Ohi dan legez, Berangoko sukaldariek prestatutako indaba goxo-goxoak izango ditugu, entsalada, postre eta abarrekaz. Txartelak zazpi euroko prezioa izango du nagusientzat, eta debalde txikientzat.

Bapo bazkaldu ostean, kantuka frontoiko bazterrak alaituko ditugu, eta txikiek pelikula izango dute ikusgai Berangoeta Kultur Etxean. Eguna borobiltzeko, 18:30ean sari-banaketa izango da, ea aurten zein bikotek eskuratzen duen txapela!
Baina naturaz gozatzeko eta ederto pasatzeko eguna izateaz gain, Ibilaldi Neurtua aldarrikapenerako eguna ere da Berangon. Aurten, ohiko aldarrikapenez gain, Ibilaldi Neurtuak Libre! ekimenagaz bat egingo du, Sei Herri ere herriko tabernen kontrako epaiketa politikoan epaitzen ari direlako. Beraz, abenduaren 1ean goazen uholde laranja bat sortzera Berangon, Sei Herri eta gainontzeko auziperatuak ere libre gura ditugulako! 

Erdu geugaz! 

2012/11/16

DANTZA EMANALDI BEREZIA...


Erdizka Lauetan taldeak girotuko du bazkalostea IBILALDI NEURTUAN. Dantza errazak ikasi eta dantzatzeko aukera ezin hobea. 

ERDU GEUGAZ!

2012/11/08

URTEA ONGI BUKATZEKO XXX.IBILALDI NEURTUA BAINO HOBE ZER?


Iepa lagunok!!
Udazkenaren etorrerarekin batera hemen dugu,urtero bezala Berangoko XXX. Ibilaldi Neurtua.Urtero antolatzen dugun mendi ibilaldi hau Sei-Herri Kultur Elkarteak antolatzen du,eta urtez urteko zita bihurtu da herriko, eskualdeko eta animatu nahi duen jende guztiarentzako.
Aurten, XXX.Ibilaldi Neurtua abenduaren 2an ospatuko dugu, igandean.
Bikoteka bete behar den ibilbideak nagusien mailan 16 km inguru dauzka eta txikienek 8km-ko bidea egin beharko dute. Sei-Herri tabernan egongo da irteera eta helmuga.Nagusiek 08:15etik aurrera eman beharko dute izena (irteera 09:00etan) eta txikiek 09:00etan (irteera 09:30ean). Ibilbidean zehar 3 kontrol egongo dira eta batean, hamaiketakoa hartzeko parada izango da bertan denbora geratuko delarik. Giharrak berotu ostean,parte hartzaileentzat entsalada, indabak, postrea, kafea eta patxarana 5€-ren truke (umeak doan) izango dira; hala ere, ibilbidea egin ez duenak ere herri bazkarian parte har dezake (beste guztiak bezala bazkariko txartela ordainduz).Bazkalostean, kultur etxean umeentzako pelikula emanaldia prestatu dugu. Sari banaketa frontoian egingo da arratsaldeko 18:30ak aldera.
Beste barik ,denak gonbidatuta zaudete egun berezi honetan parte hartzera, animo eta aurrera!

2012/05/15

LARUNBATEAN DANAK BERANGORA!!


21:00etan Frontoian bertso-afaria, kontzertuak, musika eta txozna (frontoi barruan). Animatu eta hurbildu zaitezte!!!